|
Kaixo, lagunok
Abuztuan posta zerrenda honetan Iruñeko lankide batek galde egiten zuen ea esku
artean duten autoikaskuntza-gelaren proiektua egokia ote den. Labur esanda, 40
ikasle arituko dira 3 orduz multimedia-gela batean, astean behin mintza-saio bat
izango dute eta hamabostean behin ordu erdiko tutoretza-saioa.
Itaun horren harira gure ekarpena egin nahi dugu autoikaskuntza-eredu baten
partaide gara-eta. Luze joko luke honen inguruan sortzen diren puntu guztiak
ukitzeak, beraz bi konturi baino ez diogu erreparatuko: zer adiera eman nahi
diogun autoikaskuntza hitzari eta nola eraman den praktikara.
Esanahiari begira, ezin dira bereizi autoikaskuntza eta ikaskuntza. Ikaskuntza
gertatzen den guztietan norberak egindako prozesu baten aurrean gaudela onartu
behar dugu. Edozeinek zerbait ikasi duela esaten dugunean, bere barnean hainbat
eragiketak aldaketa batzuk sortu dituztela esan nahi dugu eta hori beti izango
da auto, ezinezkoa baita beste baten ordez prozesua burutu eta are gutxiago
prozesurik gabeko emaitza beste batengan sartu. Beraz zertaz ari gara
autoikaskuntza esan eta ikaskuntzatik berezi nahi dugunean?
Abiapuntua zentro ofizialek eskaintzen dituzten moduluetan jarrita, ikusten da
ikasleak makurtu egin behar duela administrazioak eta zentroak berak ezartzen
dituzten baldintzetara: ezin du eragin ordutegietan, epeetan, programetan,
erritmoan... Autoikaskuntzaz ari garenean, ordea, ikaslea non, zer eta nola
aukeratzeko moduan dago, erabaki ahal du non ikasi, zein erritmotan, zerez, noiz
eta norekin. Hortxe dago aldea.
Ikaskuntza-irakaskuntzan aritzen garenok edukiak transmititzeaz gain, eduki
horien aukeraketaz, denboralizazioaz eta aurkezpenaz arduratzeaz gain,
ikaskuntza sustatzen duten aldagai psikologikoak ere kontuan izan nahi ditugu.
Badakigu ikasleen premien artean horiek batzuetan toki nabarmena dutela.
Prebioak, ezinbestekoak izan daitezke ikasleak ikas-prozesuaren ardura bere gain
har dezan eta horretarako euskarri informatiko hutsak ez omen dira oso
baliagarriak. Beraz, irakastaldearen (irakasle-aholkularien) eginkizuna
ezinbestekoa dela uste dugu, eta aldagai hau erabakigarria izango da ikasle
kopuru handi batekin proiektua arrakastatsua izateko. Aholkularitza beharrezkoa
da: linguistikoa, pedagogikoa eta psikologikoa.
Proiektuei begira, hona hemen ikusitako eredu batzuk:
a.. Ordenadorez lagundutako irakaskuntza
b.. Autodidaktismoa
c.. Baliabide-zentroak
d.. Ikaskuntza autonomoa
e.. Bakarkako irakaskuntza
Emandako datuen arabera Iruñeko lankideak ordenadorez lagundutako irakaskuntzaz
ari da batik bat; nahiz eta zentro horietan beti egon mintza-taldea eta
tutorearen figura. Lehen esan dugun bezala proiektuaren egokitasuna norberaren
ikas-prozesua bermatzen duen neurrian egiazta daiteke; ikasleen espektatibak
asetzen diren neurrian ona izango da. Baina askok uste dugu multimedia programek
-oso erakargarriak badira ere- aukera estuegiak ezartzen dituztela. Hau da,
ikaslea ondo "elikatuko" bada aukera gehiago izan behar ditu eskura. Baliabide
zentroek eta campus virtual-ek eskaintzen dutenaz gain, hau da materialak,
foroak, txat-guneak, laguntza-orriak... izateaz gain, ikasleari zer komeni zaion
erabakitzen laguntzeko edo dituen behar bereziei dagokien programazioa egiteko,
edo besterik gabe bere lana errazteko, irakasle-talde bat izango du.
Zalantzarik gabe, 3 orduz multimedia gela batean, astean behin mintza-saio
batean eta hamabostean behin ordu erdiko tutoretza-saioan arituta ikasi egiten
da. Nola, baina?
Ikasleek ikas-prozesuetan mekanismo ugari eta berezituak erabiltzen dituzte, eta
beraz, Santurtziko Udal Euskaltegiaren gel@irekia-n gela arruntetan edo
multimedia-programetan aurkitzen dutenaz gain errekurtsoak ugaldu ditugu,
autoikaskuntzaren funtsa hauxe delako: ikas-bidea ikasleak berak erabaki dezala.
gel@irekia
Santurtziko Udal Euskaltegia
[Se han eliminado los trozos de este mensaje que no contenían texto]
|