Otsailaren 3ko GARAn Gustavo O. De Vallejuelok Balmasedatik erantzun zion nik
aitzinetik 'euskaraZ' posta zerrenda eta GARAra igorri gutun bati, non Euskal
Herrian Euskaraz taldeari galde zenbait bota bainizkion. Bada, nola Gustavok
ere bere eskutitzean galdera batzuk plazaratu baitzizkidan, erantzuteko gogoz
nator. Zera galdetu zidan Gustavok lehenbizi: "Ez al duzu pentsatzen berezko
borondatea izan dela Karrantzako ume gehienak D ereduan matrikulatzera eraman
dituena beren gurasoak? Ez al duzu pentsatzen haran honetako izena euskara
hutsez
ipintzeko bertoko Udalak osotasunez harturiko akordioa demokraziaren bidetik
doala inposizioetatik aparte? Ez al duzu pentsatzen Sopuerta bat Enkarterri
osoan portzentaian euskaldun gehien duen bigarren herria izateak zerbait esan
nahi duela? Eta Balmaseda batean ia 30 kirol zein kultur taldek Bai Euskarari
Akordioari emandako babesaz zer?".
Nere erantzuna hauxe da: ene idurikoz, Gustavo, Enkartazioetan konplexu alimalea
ukan dute eta dute asko biztanlek bigarren mailako baskoak izaiteko edo,
haruntzago
joanik, benetan baskoak ez izaiteko. Eta finean arrazoia dute, ez direlakoz,
ez garelakoz, baskoak, ez kulturaz, ez tradizioez, ez etniaz. Ezta, neurri
handian
behinik behin, historiaz ere. Hagitz diferenta da administrazioz baskoak
izaitea,
Kaledonia Berria administrazioz frantsesa den bezala. Uste dut garbiki erran
behar dela ezen Enkartazioetako berezko hizkuntza erromantzea dela, kontuan
ukanik ere euskaraz solas egin dutela hainbat enkartauk historian. Ene gardiz
gehiegi goititu da baskotasuna Euskal Herrian, eta usu barregarriak diren
situazioak
suertatzen ohi dira. Konparazione, trufagarria da guztiz galiziarra den batek,
galizieraz gaztelaniaz baino hagitzez hobeki mintzatzen dena, erraitea osoro
sinetsi eta konbentziturik ezen baskoa dela, eta berorren seme edo alabak, hemen
jaio izanaz bertzalde Euskal Herriarekin lotura bat ere ez duena, ber gauza,
baskoa dela, alegia, adieraztea. Hauei erran behar zaie gezurretan ari direla,
tronpaturik daudela, ez direlakoz baskoak. Neu ere ez naizen bezala, euskaraz
ari banaiz ere eta Bilbon jaio banintzen ere. Eta honetan guztian PSOE eta PPk
erantzukizun handia dute, lau haizeetara berduratzen baitute hemengo biztanle
guztiok baskoak garelako lelo ergel hori. Asko euskal herritarrak gara
("ciudadanos
vascos"), baina nehola ere ez baskoak. Eta honengatik deus ez da agitzen, zeren
eskubide oro mantentzen baitigu, berorien jabe, norberaren jaioterria
gora-behera,
herritarrak direlakoz, ez etnietako kideak. Suitzarrak ere ez dira baskoak,
eta hango nehori ez zaio axola.
Deduzi dezakezunez, Karrantzako Udalak udalerriaren izena euskaraz soilki
paratzeko
hartu duen ebazpenaren kontra nago arrunt. Hobe euskaraz eta erromantzez,
bietara,
jarri balute. Eta gaztelania hutsean eskribitu balute, deus ez zatekeen agituko.
Aldiz, euskaraz bakar-bakarrik jartzeak erakusten du ximenki ezen Karrantzako
Udaleko agintariak arras konplexudunak direla, beren berezko izaera erromantzeaz
lotsatzen baitira.
Bertze alde, 'demokrazia' hitzak "populuaren agintea" erran nahi du, eta honek
ez dakar populuaren erabakiak oro egokiak edo onak direnik, komunzki populua
ezjakina delakoz. Honetaz eta bertze hainbat gauzaz asko lagun mintzatu dira,
bertzeak bertze, Federico Krutwig eta José Ortega y Gasset. Ez ditut hauek
erranikoak
hemen bertze behin erranen, bertze artikulu bat eskatuko bailukete. Beude orai
artiokoak oro.
Ondoren, zera galdetu zidan Gustavok: "Ez al duzu pentsatzen Azpeitia baten,
adibidez, epaile erdaldun hutsak izatea bertoko biztanleei berezkoa ez duten
gaztelania inposatzea dela?". Erantzuna: bai, Gustavo, zeren gauzarik normalena
izan behar luke Azpeitian epaile euskaldun baten izaiteak.
Azkenik, Gustavok hondar galderak plazaratu zizkidan: "Ezagutzen al duzu euskara
inposatzen duen euskaldunik? Nik ez. Ezagutzen al duzu Euskal Herri osoan
erdaraz
adierazteko ezinezkoa izan duen erdaldunik? Eta euskaldunik? Denok!". Bada,
nik, Gustavo, anitz euskaldun ezagutzen ditut euskara inposatu nahi dutenak,
eta anitz erdaldun ere ezagutzen ditut erdara inposatu egin nahi dutenak.
Denetarik
dut idoro.
Juan Luis Fernández Gutiérrez
Centro de Estudios Merindad de Vecio
PAIDEIA
Egin hadi harpidedun EuSkAl PoRnOtEkAn!
http://groups.yahoo.com/group/euskalpornoteka
Lortu zure euskal posta: http://www.jalgi.com