Ikusi dut zer nolako zalaparta atera duten Interneteko EuskaraZ posta zerrendan
nire artikulu batzuek. Ikusi dut ere zalaparta horren oihartzuna EGUNKARIAra
ere iritsi dela, eta baita ere posta zerrendaren egoera kolokan dagokeela. Hemen
saiatuko naiz azaltzen zer uste dudan honen guztiaren gainean.
Hasiera-hasieratik izan naiz EGUNKARIAren irakurle. Gehien estimatzen dudan
egunkaria da eta kazeta serioa zela iruditu zait beti, baina honetaz ez dakit
orain zer pentsatu, zeren batere serioak ez ziren nire mezu batzuei erabateko
seriotasuna eman baitiete EGUNKARIAren kazetariek. Izan ere, Interneten
EEBBetako
atentatuei buruz idatzi nuen guztia broma bat baizik ez da izan, umore
beltzekoa,
beltzegia akaso. Onartzen dut umorea baino gehiago maiz "tumorea" dela nirea.
Baina, azken batean, umorea izan da. Eta serioak ez ziren mezu batzuei
sinesgarritasun
guztia eman diete kazetariek. Has dezagun.
EGUNKARIAn esan da Enkartazio Libreak taldearen izenean neure gain hartu nituela
atentatuok. Eta egia da halaxe egin nuela, baina... mesedez, ez dezala inork
pentsa talde hori benetan existitzen denik, hori neronek asmaturikako talde
birtual bat baino ez delako izan. Beste talderen bat ere asma nezakeen, baina
honek ez lioke informagarritasunik emango, sinesgarria ez delako. EGUNKARIAn
ere esan da ziurtatu nuela hurrengoan "ETAko buruzagitza guztia eta Espainiako
Armadako 50 goi kargu" jomuga izango nituela. Mesedez! Zeinek emango dio
sinesgarritasunik
informazio honi!? Egia da hori idatzi nuela, baina, arraio, brometan esan nuen!
Orain ikusi dut esaten den edozein astakeria ager daitekeela prentsan, benetakoa
ala broma hutsa den ikertu gabe.
EGUNKARIAn esan da ere Osama bin Laden "ohorezko enkartau" izendatu nuela.
Suposatzen
dut inork ez duela hau serioski hartuko, ageriko txantxa delako. Azkenik,
EGUNKARIAren
kazetariek kristautasunaren aurkako "Gerra Saindua" aldarrikatu nuela esan dute.
Bai, egia da hori idatzi nuela, baina edozein musulmanek daki "fatwa-k" eta
holakoak erlijio buruzagiek baino ezin dituztela eman, eta ni ez naiz musulmana,
ezta, beraz, Islamaren erlijio buruzagia ere. Eta, banintz ere, ez nuke gerra
saindurik aldarrikatuko, gerren eta bortxaren kontra nagoelako.
Barkamena eskatu nahi dut baten bat Interneten esan nuen guztia zela-eta mindu
bazen. Nire asmoa ez zen izan inor mintzea. Ez dakit, halaber, gai guztiak
barregarriak
diren. Ez badira, barkamena eskatzen dut.
Uste dut oso grabea dela EuskaraZ posta zerrendan gertatu dena, eta kulparen
parte handi bat nirea da. Berriz errepikatuko dut: umorezko kontuak baino ez
dira izan nik idatzi nituenak, desegokiak beharbada, eta onartzen dut, baina
ez daitezela nire esanak, arren, umorezko bere izaeratik atera eta serioski
har, serioak ez baitira.
Zera gaineratu nahi dut, zalantza guztiak uxatzearren, EEBBetan egunotan gertatu
diren atentatuak guztiz eta zeharo gaitzesten ditudala, bortxaren etsaia naiz
eta. Hala ere, ikusirik nire esanak sarri ez direla ulertuak izaten, eta
ikusirik
esaten ditudan gauza askok umorezko beren izaeratik ateratzeko arriskua dutela,
aspalditik pentsatzen nengoen erabaki bat hartu dut: betiko isiltzea eta berriz
ez idaztea, idazgaia edozein delarik ere. Dena dela, ez dut uste Euskal Herriak
idazle on bat galdu duenik. Hauexek dira, hortaz, nire azken hitzak, baina
neureak
izan daitezen ez dut nahi, Petrarcarenak, nire iritziz inoiz izan den poetarik
handienarenak baizik: "E 'l Tempo, a disfar tutto così presto, / e Morte in
sua ragion cotanto avara, / morti insieme saranno e quella e questo".
Juan Luis Fernández Gutiérrez
************************************************************
Txat euskalduna >>> http://www.euskalerria.org/solasgunea
************************************************************