Entrar
¿Usuario nuevo? Regístrate
ziberalkartasuna
? ¿Ya estás suscrito? Entrar en Yahoo!

Consejos de Yahoo! Grupos

¿Sabías que...?
Puedes programar un chat para tu grupo.

Mensajes

  Mensajes Ayuda
Avanzado
PP-PSOEren paktuaren inguruko agiria   Lista de mensajes  
Responder | Reenviar Mensaje #123 de 296 |
 

EAREN EUSKADIKO BATZORDE ERAGILEAREN AGIRIA

Gainerako ordezkari politikoei bizkar emanda, eta bereziki, Euskadiko indar politiko eta sozialen gehiengoa alde batera utzita, PPk eta PSOEk izenpetu berri duten "Askatasunaren eta terrorismoaren aurkako akordioa"-ren ondoren, asko eta gogorrak izan dira hainbat alderdi politikok adierazi ditugun gaitzespen eta desadostasun-arrazoiak. Horregatik, adierazpen honetan ez ditugu gure ordezkariek jadanik egin dituzten kritikak errepikatuko, baizik eta agiria sinatu duten alderdiek sinplifikatu nahi duten gatazkaren aurrean Eusko Alkartasunaren jarrera argi eta garbi adieraziko. Izan ere, bi alderdi horiek ez dute onartu nahi euskal gatazkak sustrai politikoa duela, eta aldi berean, euskal abertzaletasunaren asmo legitimoen aurkako eraso politiko lotsagabea egiten ari dira, eta dauzkan ideiak baztertzea eskatzen diote, bestela "demokraten" taldetik botako dituztela mehatxu eginez. Nork eta, kasu batzuetan, hain lehenaldi ilun eta pentsamendu susmagarriak dituzten sasi-demokratetako batzuek.

Hala eta guztiz ere, gure kritikak eta indar politiko eta sozial askoren gaitzespena ere eragin dituzten hainbat kontu azpimarratu nahi ditugu:

·Euskal Herrian ordezkaritzaren gutxiengoa daukaten arren, baztertzaile eta harro agertzen dira eta gizarteak hainbestetan eskatutako elkarrizketari erantzuteko duten sentiberatasun demokratiko zalantzagarria uzten dute agerian.

·Euskal nazionalismoaren aurkako adierazpenean esaten dituzten gezurrak eta desitxuratze gaiztoak; adibidez, autodeterminazioa guretzat ETAren inposaketa dela esatea (Autodeterminazio Eskubidea EAko estatutuen 1. artikuluan dago eta Eusko Legebiltzarrak berak aldarrikatu zuen), edo Lizarrako adierazpena, Euskadiko alderdi politiko eta sozialen gehiengoak gatazkari irtenbidea aurkitzeko daukan printzipio-multzo bat dena, "klub demokratikoarekin" bateraezina dela esatea, gure ideia demokratikoak ukatzen dituen klubarekin, alegia.

·Bistakoa da PPk euskal nazionalismoari bete ezinezko baldintzak jartzeko duen asmoa, PSOErekin eta inguruko alderdi sateliteekin fronte bat osatu eta horrela Eusko Jaurlaritza bereganatzeko.

·Gizarteari estrategia berria eskaintzen diotela esaten duten arren, gatazkaren konponbiderako estrategia atzerakoienak aplikatu nahi dituzte berriz ere: errezeta polizial soilak, legeak eta espetxeetako politika gogortzea, nazioarteko laguntza (arazoaren sasi-azalpen bat egin ondoren, noski), mobilizazioak eta beste hainbat dei boluntarista, eta printzipio demokratiko unibertsalak (jakina!) han eta hemen aipatzea, nahiz eta "informazioaren aniztasuna"-ren kasuan bezala, adar-jotze hutsa izan Estatuko baliabide informatiboak euren nahierara manipulatzen dituztenen ahoan.

Proposamen inmobilistez osatutako adierazpen hau penagarria da EAren aburuz. Horrez gain salatu beharra daukagu, berriro ere, abertzaletasuna eta indarkeria nahastu nahi dituen maniobra politiko lotsagabea, zeinaren bidez indarkeriak eragiten duen atsekabeaz baliatuz euskal alderdi nazionalei beren ideia legitimoak bazter ditzaten antidemokratikoki agindu egiten zaien. Horretxegatik, EAk honako hau aldarrikatzen du:

1.EAk ez du onartzen inork gure alderdiaren ibilbide demokratikoa eta indarkeriaren aurka azaldu dugun jarrera zalantzan jartzea. Are gutxiago, estatu-krimenetan eta beste hainbat abusutan daukaten erantzukizunagatik edo frankismoaren izugarrikerietan izan zuten konplizitateagatik barkamena eskatu ez dutenak baldin badira halako jokabidea agertzen dutenak. EA beti izan da giza eskubideen zapalketa ororen eta edozein motatako indarkeriaren kontrako protesten aitzindaria. Beti exijitu dio, gaur egun exijitzen dion moduan, ETAri gizabanakoen bizia eta duintasuna errespeta ditzan, baita ETA bera desegin dadin eskatzen duen euskal gizartearen gehiengoaren zilegizko ordezkarien borondatea ere. Eta EAk bakea eta elkarbizitzaren alde daraman ibilbide koherente eta garbia edozeinek egiazta lezakeen errealitate ukaezina da.

2.EA ez da egongo indarkeriaren aurkako borroka aitzakiatzat hartuta, baldintza politiko onartezinak onartzera behartzen duten Mahai edo Itunetan. EA ez zen egon Madrilgo Ituna deitu zen adierazpenean, ez baitzuten bere eskaera logiko hau onartu: "Euskadin helburu politikoak lortzeko indarkeriaz baliatzea gaitzesten genuen bezala, euskal herritarren gehiengoak bakean eta demokratikoki egindako proposamenak onartu behar ziren". Euskal erakundeetan daukagun konpromisoari eutsiz, Ajuria-Eneko Mahaian egotea onartu genuen, non eskaera bera behin eta berriz adierazi ondoren azkenean onartu baitzen, berandu izan arren eta onarpen erretoriko moduan izanik ere. Baina argi eta garbi esan behar dugu Ajuria-Eneko itunean ustezko adostasun politikoa lortu zelarik, (orain PPk eta PSOEk aurkeztutako itun ustelak baino askoz ere irekiagoa), Madrilgo gobernuek Euskadiko ordezkariengan uzten zuten ordezkaritza-lana, nahiz eta Moncloan euren politika propioak eta ekimenak erabaki gatazkaren eta Itunaren beraren alderdi korapilatsuenetan: euren politika polizial propioa, espetxetako euren politika, Estatutuaren garapenerako euren politika, bai eta ETArekin eta haren inguruarekin egindako hainbat eta hainbat isilpeko negoziazio ere. Nahiz eta aldi berean, Ajuria-Eneko itunean lotuta eduki nahi zituzten alderdiei ezertxo ere ez jakinarazi, alderdi haiek elkarrizketa eta negoziazioa eskatzen baldin bazuten Madrilgoen gaitzespena jasoaz.

3.Boterearen propaganda-makina erraldoiak sortu duen nahastearen aurrean, EAk berriz ere adierazi nahi du Euskadin arazo politiko bat dagoela, eta arazo horren adierazgarri tragiko eta beldurgarria dela ENAM deiturikoaren indarkeriazko estrategia, zeinarekiko desadostasuna agertu baitugu beti. Gutxienez, gatazka elkarrizketaren bidetik konpontzeko geuk egin dugun saioak (eta ez dugu ETArekin itunik egin, nahiz eta manipulazio interesatuak izan diren, ETAk oinarrizko baldintzak onartzen ez zituelako, hain zuzen ere) bake eta itxaropen aldi bat ekarri zuen. Espainiako gobernuek, guri jakinarazi gabe, egin dituzten negoziazio sekretuetan eta ez hain sekretuetan inoiz lortu ez dutena, geuk gaitzespenik eta sabotajerik egin ez genien arren.

4.EAk Lizarrako Adierazpenaren zutabeak berretsi nahi ditu, Lizarrakoa ez baita itun itxia, printzipio-adierazpen bat baizik, bakerako bidea oinarritzeko egokia dena gure ustez. Errespetatzen ditugu, noski, printzipio horiekin bat ez datozenak, adierazpenean parte hartzeko asmoz euren ideiak ekarriko lituzketenak errespetatuko genituzkeen bezalaxe. Lizarrako funtsezko baieztapenak, ordea, hauek dira: aniztasun politikoa, indarkeriarik gabeko elkarrizketa, alderdien bazterketarik eta mugarik gabe, eta elkarrizketaren ondoren euskal gizartearen gehiengoak erabakitzen duenarekiko errespetua, EAren ustez, gatazkaren konponbiderako gakoak hain zuzen ere. Lizarratik kanpo dago printzipio horietako edozein onartzen ez duena: hala indarkeriarik eza nola euskal gizartearen gehiengoaren borondatea errespetatzea ere. Eta hortxe dago Lizarrak eragin zuen asaldatze politiko handiaren gakoa. Batzuek indarkeria-girora berriz itzultzerakoan geldiarazi egin dute ordea, eta beste batzuek baztertu egin dute, nahiago baitute indarkeria jasan euskal herritarren borondate demokratikoa onartzeko konpromisoa hartu baino.

5.EAk ez du Udalbiltza desegiteko eskaera onartzen, udal hautetsien bilkura librea eta legitimoa baita, ekimen eta proposamen legitimoak egiteko asmoz sortua. EAk beti eskatuko du ordea, printzipio demokratikoen, giza eskubideen, eta herriaren borondatez sortutako erakundeen errespetua, borondate demokratiko berberaz aldatzen edo ordezten ez diren bitartean. Nahiz eta aldaketa hori gure nahi legitimoaren araberakoa izan.

6.Berriz ere adierazi nahi dugu Euskadiko aniztasun politikoarekiko errespetua. Horrek elkarrizketarako ahalegin berezia eskatzen digu, gure desberdintasunen sintesi demokratikora iristeko. Gure herriaren borondatearen gainetik ezarri nahi den indarkeria eta inposaketa oro baztertzen dugula adierazi nahi dugu. Eta, horrez gain, adostasuna lor daitekeela sinestuta gaudela esan nahi dugu, eta horretarako azaldu ditugu gure ideiak, gatazkaren funtsezko bi arloetan hurbilketa lortzeko: Euskal Herriaren lurraldetasuna formula ia-konfederalez osatzea, eta subiranotasunaren ideia, mailakatutako proposamenak eginez helburuetan eta denboran, bake eta lasaitasun giroan euskaldunen borondatea gauzatzeko. Euskal Herriaren autodeterminaziorako eskubidea asmo demokratikoa dela adierazi nahi dugu eta, gure ustez, hortxe dago gure ikuskera eta sentimendu nazionalak bakean eta gizatasunez konpontzeko gako nagusia.

Inguratzen gaituen eztabaida politikoaren eta giro elektoralistaren erdian, EAk argi eta garbi utzi nahi du gizartearen aurrean duen jarrera politikoa, eta berriz ere egiten du elkarrizketarako deia, sufrimenduaren amaiera eta adiskidetzea lortzeko, gatazkaren biktimek gizartearen errespetua eta arreta merezi dutelarik. ETAren indarkeriaren baldintzarik gabeko etena eta Aznar Gobernuaren eta aliatuen politika atzerakoiaren aldaketa erabatekoa ezinbesteko oinarriak dira, euskal gizartearen gehiengo argia batzen duten nahiak lortu ahal izateko.

Euskal Herria, 2000.eko Abenduaren 18an



Mar, 19 de Dic, 2000 3:53 pm

igazteiz@...
Enviar mensaje Enviar mensaje

Reenviar Mensaje #123 de 296 |
Desplegar mensajes Autor Ordenar por fecha

EAREN EUSKADIKO BATZORDE ERAGILEAREN AGIRIA Gainerako ordezkari politikoei bizkar emanda, eta bereziki, Euskadiko indar politiko eta sozialen gehiengoa alde...
Susta
igazteiz@...
Enviar mensaje
19 de Dic, 2000
3:57 pm
Avanzado

Copyright © 2009 Yahoo! Todos los derechos reservados.
Política de Privacidad Actualizada - Condiciones del servicio - Directrices - Ayuda