|
EUSKO ALKARTASUNAREN ADIERAZPENA
Bi gizakiren hilketaren aurrean, bata Fernando Buesa jauna, gure
erakundeetako ordezkari politikoa, eta bestea Jorge Diez Elorza jauna,
herri-langilea, guk, martxoaren 12ko Kongresurako hauteskunde orokorretarako
Eusko Alkartasunako zerrendaburuok, herriari gure alderdi politikoaren jarrera
azaldu nahi diogu. Horrela beraz, ondokoa jakinarazi nahi dugu:
1.-Hego Euskadiko lau lurraldeetan gaur gauean egin behar genituen
kanpaina-hasierako ekitaldi guztiak bertan behera utziko ditugu. Horrela,
gizarte osoa astindu duen hilketa bikoitz honen aurrean gure gaitzespena
azaldu
nahi dugu berriz ere. EAren iritziz, ezin dugu hauteskunde-kanpaina hau
normaltasun-itxurak eginez hasi, ezer gertatu ez balitz bezala, larria izan
baita hondamena, bai hildakoena, bai eta euren familiena ere.
2.-Hala eta guztiz ere, Eusko Alkartasunak, gogoeta sakona egin ondoren,
prestatuta zeuzkan kanpainako ekitaldi politikoak egitea erabaki du, baina
hiru
dolu-egun ofizialetan ez du inolako ospakizunik egingo, hasiera batean
ospatzeko egun bezala prestatu bazituen ere. Herritarrei gure proposamen eta
jarrera politikoak adierazi behar dizkiegula pentsatzen dugulako hartu dugu
erabaki hori. Ez da hori arrazoi bakarra ordea. Une latz hauetan, gure ustez,
erakundeetako ordezkari politiko bati eta herritarren zaindari bati egin
diezaiekegun omenaldirik onena, hitza, politika eta bizitza errebindikatzea
da,
horiek baitira elkarbizitzarako oinarri bakarrak. Joan den asteartean
Gasteizen
izandako krimenaren aurrean begiak ixten dituena, EAk betidanik lanerako eta
akordioak bilatzeko egin duen ahaleginaren eremutik kanpo geratzen da.
3.-Argi eta garbi utzi nahi dugu Eusko Alkartasunak ez diola uko
egingo
bere helburu eta idealen bakezko aldarrikapen demokratikoari, eta beti bezain
gartsu jarraituko dugula gure herria adiskidetzeko eta normaltzeko
ahaleginean.
Atentatu hau egin dutenek jakin behar dute, bi gizakiren hilketarekin
egin duten kalteaz gain eta hori da kalterik larriena-, ikuspegi politikoa
kontuan hartzen badugu, abertzaleon helburuei ere izugarrizko kaltea egin
dietela. Nazio-eraikuntza demokratikoan sobera daude indarkeriaren aurka eta
elkarrizketaren alde argi eta garbi ez dauden guztiak.
4.-Ez dugu onartuko, era berean, abertzaletasuna indarkeriarekin edo
intolerantziarekin nahastea, orain artean egin den bezala, eta azken orduotan
botere-eremu jakin batzuetatik lotsagabeki egiten ari diren bezala.
5.-Amaitzeko, herritarrei deialdi bat egin nahi diegu, Juan Jose
Ibarretxe lehendakari jaunak egindako deiari erantzunez, datorren larunbatean,
otsailaren 26an, Gasteizen egingo den kale-agerraldira bertaratzeko.
Manifestazioaren lema honakoa izango da: "Bakea behar dugu. Por el derecho
a la
vida. ETA gelditu".
Euskal Herrian, 2000ko otsailaren 24an.
|