EUSKO ALKARTASUNAREN ADIERAZPENA
Eusko Alkartasunaren Euskadiko Batzorde Eragileak, atzo Gasteizen bilduta,
hausnarketa sakona egin du Euskadik bizi duen egoera politikoari buruz zein
Gara egunkariak ETArenak omen diren agiriak plazaratu izanaz. Azterketa
honen ondorioz, honako hauxe eman nahi du adieraztera iritzi publikoaren
aurrean Eusko Alkartasunak:
1.- Aipaturiko agiriak, esan bezala Garak argitaratuak, gure Herrian
indarkeriaren amaiera lortzeko asmotan, ETArekin elkarrizketa suspertuz
Eusko Alkartasunak izandako harremanen gaineko alde zehatz baten bertsioa
da, osagabea gainera. Honetaz esan beharra daukagu elkarrizketaren bitartez
irtenbide bat lortzeko ahalegin bat egin dugula. Halaxe da, izan ere, eta
bide horri eutsiko diogu aurrerantzean ere, Herri honek jasaten duen
gatazkak elkarrizketan oinarrituriko konponbideak beharrezkoak dituelako,
are beharrezkoago ere orain arte jorratutako bestelako bide guztiek porrot
egin dutela kontutan izanik
2- Informazio hauetatik, nahiz eta zatikakoa eta ez osokoa izan, gure
alderdiak ETArekin inongo akordiorik ez zuela lortu ikusten da, ETA, jarri
zitzaizkion baldintzak onartzera ukatu bait zen. Are gehiago, ETAk idatziz,
Irailak 19 an EA ri bere baldintzen ukapena iritsi arazi zion, gure
alderdiari burugogorkeria eta EAk ETAri soilik ETAren proposamenak
jasotzen zituen akordio baten balio eza adieraziz.
Iraila amaieran, EAk idatziz baita ere, ETAri erantzuten dio, EAk onartuko
zuen dokumentua euren proposamenei guk erantsitako puntuak jasotzen zituena
zela - hain zuzen ere, aniztasun politiko eta giza eskubideen exijentzia
berresten eta arrazoitzen dituzten puntuak - eta, guk proposaturiko
dokumentuaren aurrean, bi aukera zituztela: Edo baliorik gabe uztea, beren
esku gelditzen zena, edota gure proposamenen inguruan eztabaidatzea,
horretarako, gu prest egongo ginatekeelarik. Gure erantzunak honako hau
gehitzen zuen; ETAren aldetik ez bazen erantzuten, dokumentua bertan behera
eta baliorik gabe geratuko zela.
3.- Ez gatoz bat, inondik inora, elkarrizketaren bide honetan saiatu
izanagatik zuzendu dizkiguten kritikekin. EAren aburuz, gure erantzukizun
politikoak derrigortzen baikaitu Herri honentzako bake esperantza ekar
lezakeen konponbidea aurkitzera, beti ere armak erabiltzen dituztenek bide
hori utzi eta bere ideiak bide baketsu eta demokratikoen bitartez defenda
ditzaten helburu duen elkarrizketan oinarrituta. Herri honek hala eskatzen
dielako, ozenki eskatu gainera, bere ordezkari politikoei.
4.- Gure iritziz, puntu guztiak jaso izan balira lor zitekeen akordioa,
ETAk onartu ez zuena, alegia, ez da, inola ere ez, "indarkeria zaleen
aurrean belaunikatzea", edo, maltzurki planteatu izan den moduan,
"independentzia lortu, armak uztearen truke". Nekez esan liteke EA
belaunikatzen dela balizko akordio batean Herri honek, autodeterminazioaren
eskubidearen bidez, bere etorkizuna askatasunean eta demokratikoki erabaki
dezala onartzeagatik. Besteak beste, horixe bera delako gure alderdiaren
barne arauetan, lehenbiziko artikuluan zehatzago esate aldera, argi eta
garbi aldarrikatzen dena. Bide baketsu eta demokratikoak erabilita soilik
defendatzen dugun berbera, hain juxtu ere.
5.- Aldarrikatu nahi dugu, berriro ere, gure asmorik sendoena
elkarrizketaren bidetik jarraitzeko, denokin hitz eginez eta Euskadik
pairatzen duen gatazkari irtenbide negoziatu bat aurkitzeko helburuz. Eta
indarkeria amai dadin egiten ditugun ahalegin hauengatik horren kritika
ankerrak egiten dizkigutenei, bereziki Alderdi Popularra eta Alderdi
Sozialistari, berriz, zera exijitzen diegu: bere erantzukizunari erantzun
eta eginahal horietan gabiltzanok kritikatu baino zerbait gehiago egin
dezatela, eta EAk egin dituen saioentzako alternatibak eskaini ditzatela
behingoz, azken 30 urteotan porrota besterik lortu ez duten ereduak alde
batera utzita.
6.- EA, bere burua serio, leial eta oinarri demokratiko sakonekotzat
duenak, bere ahalegin guztiak egingo ditu aurrez aipatutako ildotik, eta
argi eta garbi aldarrikatzen du, euskal arazoari elkarrizketan
oinarritutako irtenbide bat lortzeko lanean gogor arituko dela, inora
eramaten ez gaituzte erretolika hutsezko diskurtsoak alde batetara utzita,
eta, orain artean egin izan dugun bezala, era honetako konfliktoek eskatzen
duten diskrezioaz eta ildo horretatik lanean ari den beste edonoren
ahaleginak, edo elkarrizketan oinarrituriko beste edozein balizko
alternatibak oztopatu gabe.
Gasteizen, 2000 -ko Maiatzaren 3 an